Basauriko auzoak agertoki bihurtuko dira “Plazara” programaren 5. edizioan
Basauriko kale-arteen jaialdia.
Kultur Basauri eta bere zentroek datorren ekainean jarriko dute martxan “Plazara” programaren bosgarren edizioa, udalerriko auzoetan kale antzerkia sustatzeko ekimena. Programa horren bidez, Basauriko hainbat gunetara iritsiko dira askotariko arte eszenikoko proposamenak, eta bide batez, doako ikuskizunen alde egin, eta ikus-entzule guztiei zuzenduriko programazioa eskainiko du udal erakundeak –bereziki, familiei begira–.
“Plazara” 2026ko programazioak clowna, zirkua, umorea, keinu-antzerkia eta ikuskizun ibiltariak uztartuko ditu, ibilbide luzea duten konpainiak eta ikus-entzuleen parte-hartzea eta elkarrekintza sustatzen dituzten formatuak uztartuz.
Ikuskizun guztiak euskaraz edo testurik gabe izango dira (batzuk, euskarazko elkarrekintza-jardueren laguntzarekin), eta beraz esan daiteke “Plazara” dela Euskal Herriko kale-arteen jaialdietan euskara hutsez egiten den bakanetako bat.
Ekimena ekainaren 6an hasiko da (larunbata), Kareagan, Two Much Circus konpainiaren "Double Bill" ikuskizunarekin. Kale-antzerkia eta zirkua uztartzen dituen proposamen horrek umorea, vaudevillea eta egoera absurdoak nahasten ditu, eta adin guztietako ikus-entzuleei zuzenduta dago. Ikuskizuna 13:00etan izango da, Kareagako Gizarte Etxearen ondoan.
Egitarauan aurrera egin, eta, ekainaren 13an (larunbata) bi ikuskizun egongo dira. Alde batetik, San Migelgo Pinceles parkeak Tutik ere Clowns taldearen "Ekilikua 30 .urteurrena" ikuskizuna hartuko du, 18:00etan. Familia osoari zuzendutako proposamena da, umorea, musika eta fantasia uztartzen dituena.
Beste alde batetik, 21:00etan Arizen Zirkozaurre konpainiaren "Zirkua Kalejira" izango da protagonista. Gaueko ikuskizun ibiltari horrek Soloarteko kaleak eta parkea zeharkatuko ditu, malabaristekin, akrobatekin, musikariekin eta hankaluzeekin.
Ekainaren 20an (larunbata), 13:00etan, Pozokoetxe auzoan izango da Hortzmuga konpainiaren "Alonso" antzerkiko ikuskizuna. Ikus-entzule guztientzako proposamen horrek munduan zeharreko bidaia dibertigarri bat planteatzen du, umorea eta ekintza eszenikoa ardatz hartuta.
“Plazara” programaren bosgarren edizioa ekainaren 22an amaituko da (astelehena) Basozelain, Ganso y Cía konpainiaren "Welcome & Sorry" ikuskizunarekin. Clown kutsuko keinu-komedia horrek antzerkiaren munduko klasiko eta estereotipo handiak parodiatzen ditu. Emanaldia 18:00etan hasiko da, Zortziko plazan. Ikuskizun hori MAX 2026 sarietarako izendatuta dago, kale-arteen atalean.
Ikuskizunez gain, proposamenetako batzuek artisten eta ikus-entzuleen arteko elkarrekintzarako guneak eskainiko dituzte emanaldien ostean, programaren izaera parte-hartzailea eta gertukoa indartzeko.
Doakoak izango dira jarduera guztiak. Euria bada, antolatzaileek ordezko eremu estaliak aurreikusi dituzte auzo guztietan, ikuskizunak behar bezala eskaini ahal izateko.
Argibide gehiago, hemen:
Basauriko Kultur Etxea
- Webgunea: https://kultur.basauri.eus/eu/
- Sare sozialak:
- Facebook: facebook.com/Kultur-Basauri
- Twitter: @KulturBasauri
- Instagram: @kulturbasauri
