Skip to main content

Basauriko herritarrek aukeratuko dituzte Pozokoetxe parke berriaren diseinua eta konfigurazioa

Otsailaren 12tik 25era bozkatu ahal izango da.

Argitalpen data
Amaiera data
Edukiaren kategoriak
  • Otsailaren 12tik 25era, Basauriko bizilagunek enpresa espezializatu batek eginiko hiru proposamenetako bat bozkatu ahal izango dute, eta behin betiko diseinua aukera irabazlean oinarrituko da

  • Egitekoa den inguru horren guztiaren urbanizazioak agerian uzten ditu San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxeren berroneratzearen azkartasuna eta egokitasuna

 

Basauriko Udalak, herritarren parte-hartzea bultzatzeko bere politikaren barruan, basauriarren iritzia ezagutu nahi du, Pozokoetxe parke berriak izango duen diseinua aukeratzeko. Helburu horrekin, gaurtik otsailaren  25era basauritarrek botoa eman ahal izango dute enpresa espezializatu batek eginiko hiru proposamenetako bat aukeratzeko, eta behin betiko irtenbidea aukera irabazlean oinarrituta diseinatuko da. Asier Iragorri Basauriko alkateak eta Zuriñe Goikoetxea Hirigintza zinegotziak hiru proposamenen eta partaidetza prozesuaren berri eman dute gaur.

Alkateak azaldu duenez, proiektua eta hiru diseinu-proposamenek landu dituen enpresak dokumentu bat idatzi du azalduz nola egingo den Pozokoetxeko urbanizazio-birmoldaketa (trenbide-zabaltza zaharra), nola konektatuko den Bidebieta inguruarekin eta nola geldituko diren geltokia eta Agirre Lehendakariko trenbide azpiko pasabidea, aintzat harturik San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxerako Hiri Berroneratze Plan Berezian (HBPB) jasotako jarraibideak. 

 

Hiru proposamenak honako hauek dira:

Proposamena Yin eta Yang

Guztiz bereizitako bi gune: 1.800 m2-ko zabaldegi berdea, herritarren gozamenerako lorategi eta zuhaiztiarekin, itzalpean egoteko pilota-jokoan, yoga egiten edo lagunartean berriketan, eta erabilera anitzeko eremu bat, erronbo-formako eserleku-harmaila batek inguratua, umeek eta adineko pertsonek erabil dezaketena baloiaz jokatu, dantza egin, aire zabaleko antzerkiaz gozatu eta abarretarako. Bi eremuak josteko, oinezkoen pasealeku handi bat, eta parke berriaren iparraldeko sarreran, plaza txiki bat.

Propuesta Yin y Yang (aérea)Propuesta Yin y Yang

 

Proposamena Trenbide-zabaltza

Trenbide-zabaltzen ohiko eskema kontuan hartuta proposatzen da funtzioak argi eta garbi bereizita izango dituen ondoz ondoko guneen multzo bat. Pasealeku perimetralak sortuko dira eta, horien ondoan, zuhaixken eta berdeguneen ‘trenbideak’, bideekin elkar gurutzatuak, parkeko sarreren eta eremu desberdinen arteko komunikazioa errazte aldera, zuhaitzak landatuko diren muino txikiekin batera. Gainera, parkearen bihotzean, jendea egoteko barne plazak, eta horiek osatzeko, bizikletak aparkatzeko lekuak eta haur-jolasetarako eremu mugatua.

Propuesta Playa de vías (aérea)Propuesta Playa de vías

 

Proposamena Basoa

Basaurik berdegune gehiago izateko duen premiatik sortua. Zelai berde handi bat, lorategi eta arbolez estalia, ezin hobea era guztietako jardueretarako: kirola aire zabalean, herritarrak berriketan egoteko eremua, etab. Gainera, hainbat motatako zuhaitzak landatuz hainbat motatako giroak sortuko dira; eta, batez ere, itzala, uda sasoian. Babesleku klimatiko bat, elkarri eta parkeko sarrerekin lotutako bideek zeharkatutako baso baten antzekoa.   

Propuesta Bosque

 

“Parkearen eta Agirre Lehendakaria eta Autonomia kaleen bidegurutzeko sarreraren arteko kota-diferentzia gainditzeko, harmaila moduko eskailera handi bat eraikiko da, hainbat eratako ekitaldiak eta emanaldiak eserita ikusteko balioko duen anfiteatro txiki bat eratuta”, esan du Zuriñe Goikoetxeak.

Halaber, Hirigintzako zinegotziak gehitu duenez, eraberritu egingo da Agirre Lehendakaria kalea, Autonomia eta Kareaga Behekoa kaleen arteko tartean. Egun dauden trintxerak desagertuko dira, trenbideen azpiko ibilgailuentzako bidea kenduta eta beheko igarobide hori solik oinezkoentzat bihurtuta, larrialdi-ibilgailuentzat eta Basauriko Udalak zehaztutako salbuespen-kasuetan izan ezik. Oinezkoen bide hori lotuta egongo da igogailu bidez Bidebietako geltokiaren atari berriarekin (ADIFek aurreikusitako igogailua beheko igarobidean). Azkenik, lotu egingo dira Bidearte eta Errioxa kaleak, eta horri esker Agirre Lehendakaria kalearen errepidea kalearen kotan egongo da kale horien eta Kareaga kalearen arteko tartean. Horrek irtenbidea emango dio auzo horiek egun duten hiri-arrakalari.

Geltoki horrek (ADIFek jada egin du proiektua) San Fausto plazaren ondoan izango du sarrera nagusia, eta beste sarrera bat izango du Agirre Lehendakariko trenbide azpiko pasabidetik. Bidebietako geltokiaren lanen hasiera eta trenbide-obra berria koordinatu eta egokitu egin beharko dira Basauriko Udalak eremu horretan egin behar dituen lan batzuetara.

 

Herritarren parte-hartzearen prozesua

Proposamenak ikusi eta horiei buruzko informazioa jaso daiteke ados.basauri.eus webgunean, udaletxeko beheko solairuan kokatutako Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren (HAZ) bulegoan, eta kultura-etxeetan, gizarte-etxeetan, Euskaltegian eta Artunduaga kiroldegian.

Bozkatzeko epea: otsailaren 25era arte

Bozkatzeko lekuak:

  • online, ados.basauri.eus webgunean.
  • aurrez aurre: jaso bozkatzeko eskuorria lehen aipatutako udal-eraikinetan, eta bozkatu lekuan bertan edo parte hartzeko postontzietan, metro-sarbideen ondoan eta Hernán Cortés plazan.
Parque Pozokoetxe
Parteka ezazu:FacebookTwitterLinkedinWhatsappTelegram