“Euskararen bide berriak' goiburuarekin aurkeztu du Basauriko Udalak Euskararen egunaren bueltan antolatutako ekintza sorta. Zortzi egunetan zehar, musikaz, antzerkiaz, magiaz eta jolasez gozatzeko aukera izango dute basauriarrek.
Azaroaren 26an, asteartez, 'Magiaz blai' ikuskizuna egongo da Kareaga Gizarte Etxean, 17:30ean hasita, Enerko Gutierrez magoaren eskutik. San Migelen, ostera, Bego Alabazan ipuin kontalariak Euskal Mitologia gurera ekarriko du 18:00etatik aurrera.
Azaroaren 27an, asteazkena, 'Magiaz blai' magia ikuskizunaren bigarren txanda izango da, oraingoan, Pozokoetxe Kultur Etxean, 17:30ean. Ordu berean, baina San Migelen, Nerea Ariznabarreta eta Mariano Hurtado artista apartek 'Ezberdin bezain eder' ipuin-musikatuez gozaraziko dituzte herriko umeak.
Ostegunean, hilaren 28an, Anari Alberdi musikariak solasaldia eskainiko du Pozokoetxe Kultur Etxean, 18:00etatik aurrera.
III. Playback Herri Lehiaketa, inoiz baino jendetsuagoa
Azaroaren 29an, ostiralean, klasiko bihurtzen ari den ekitaldi jendetsua izango da Basauriko Solobarria plazan. 17:30ean hasita, III. Playback Herri Lehiaketan herriko hainbat gazte-taldek euskarazko abestiak dantzatu eta playbackean abestuko dituzte. Aurten, hiru kategoria izango dira eta sari-banaketa ekitaldiaren amaieran izango da. Nagusiagoentzat ere bada ekitaldirik: 'Ai, gure juaneteak' antzerkia eta musika uztartzen dituen Tartean teatroaren ikuskizuna aurkeztuko du Social Antzokiak, 20:00etan, Patxo Telleria, Adrián García de los Ojos eta Maider Lópezekin.
Larunbaterako, hilaren 30erako, egun osoko plana prestatu dute antolatzaileek. Eguerdian hasita, 12:00etatik aurrera, 'Gora bihotzak!' antzerki-festa-musikatua izango da Solobarria plazan. Bazkal ostean, 18:00etan, Zirt Zarten bulego berrietan, Zirt Zart Txokoan errezeta tutorial lehiaketa antolatu dute gaztetxoek. Festak Basozelain jarraituko du -euria bada, Solobarrian-, 19:00etatik aurrera, herriko dantza eta musika taldeek eskainiko duten Erromeriarekin. Bertan afaltzeko aukera egongo da talo dastaketan.
Abenduan lehenean, igandez, Solobarria plazan 'Ipuin dantza' ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute herriko gazteenek Oihan Vegaren eskutik. Arratsaldean, ostera, 17:30ean 'Dragoi-jagolea' filma proiektatuko du Social Antzokiak. Hilaren 2an, astelehenez, Sormen esperientziak familia giroan probatzeko aukera izango dute basauriarrek, Kareaga Gizarte Etxean, 17:30etatik 18:30etara.
Euskararen Egunean, berba eta doinua
Eta abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, Mintzodromoaren edizio berri batean parte hartuko dute ehunka basauriarrek hiru gai ezberdinen bueltan berba egin, iritzia eman eta eztabadaitzeko. Goizeko txanda 10:00etatik 11:30etara izango da eta arratsaldeako 18:00etatik 19:30etara. Horrekin batera, Musika Eskolako ikasleek urteroko emanaldia eskainiko diote herriari Social Antzokian, 18:30etan hasita. Ez dira bakarrik egongo. Iñaki Ortiz de Villalba (Betagarri / Modus Operandi) eta Euskal Herriko punta-puntako beste musikari sorpresa batek hitzaldiak eskaini eta euren abesti batzuk joko dituzte.
'Magiaz blai', 'Ezberdin bezain eder' eta 'Sormen esperientziak' ikuskizunak Basauriko Udalak antolatutako Olgetan programaren parte dira.
Basauriar guztiok zaudete gonbidatuak!