Skip to main content

Adinkeriari buruzko jardunaldia Social Antzokian

Azaroaren 25a, 17:30ean.

Argitalpen data
Amaiera data
Edukiaren kategoriak

Basauriko Udalak adinkeriari buruz hausnartzeko jardunaldia antolatu du, «Eta… zer naiz ni zuretzat? / Y tú ¿cómo me miras?» leloarekin. Saioa azaroaren 25ean egingo dute, Social Antzokian, 17:30ean. Ekimenaren helburua da adinari lotutako estereotipoei buruz sentsibilizatzea, belaunaldien arteko topaketak sustatzea, eta adinekoenganako begirada inklusiboagoa bultzatzea.

Borja Doncel García Errekaldeko Osasun Zentroko lehen arretako erizaina eta EHUko Erizaintza I Saileko irakasle elkartuak «Adinkeria: ezkutuko estigma» hitzaldia eskainiko du, 17:40an. Osasun komunitarioari eta zahartze osasuntsuari lotutako zenbait ikerketa-taldetan parte hartzen du Borjak, eta erizaintza graduko irakaslea da, Leioako campusean (EHU). 2020an, doktore-tesia aurkeztu zuen, adinkeriari buruz, eta, gaur eguneko bere ikerketa-ildoa, hura borrokatzeko esku-hartzeak dira.

18:00etan, Cristina Esteban eta Janire Fernández Basauriko adinekoen etxeetako dinamizatzaileen txanda izango da: «Adinkeria hausten» hitzaldia emango dute, non udalerriko adinekoen hausnarketak eta ondorioak partekatuko baitituzte, errealitate horri buruz egindako zenbait lantaldetan jasoak.

Egitarauan aurrera egin, eta, 18:15ean, «Eta… zer naiz ni zuretzat? / Y tú…¿cómo me miras?» dokumentala proiektatuko dute. Filmean, Basauriko bost gazte eta bost adineko elkartzen dira, eta zenbait gairi buruz aritzen dira solasean, ikusteko zenbat partekatzen duten eta zelan eraiki daitezkeen belaunaldien arteko zubiak.

Topaketan parte hartuko dute bai proiektu horretan parte hartu duten gazte eta adinekoek, bai haien familiek, bai udal ekimen desberdinetan ibilitako Basauriko adinekoek. Horien artean, joan den ikasturtean adinkeriari buruz egindako solasaldi-programan parte hartu zutenak egongo dira —besteak beste, bakardadea, familia-harremanak, harreman afektiboak edo arrakala digitala izan zituzten hizpide—. Zahartze Aktiboaren Udal Programan eta jubilatu-etxeen dinamizazio-taldeetan dihardutenak ere gonbidatuta egongo dira.

Irudia
Jornada sobre edadismo 2026
Fitxategi
Kartela (pdf) (446.61 KB)
Parteka ezazu:FacebookTwitterLinkedinWhatsappTelegram