Skip to main content
test

Oroimen historikoa

1937. urtean, diktadura frankista genozidak erregimen errepublikanoa indarrez mendean hartu zuen, arma bidez, eta haren lekua hartu zuen; diktadurak berrogei urte iraun zuen. Ondorioz, Basauriko Udalak eta udalerriko elkarte kulturalek, sozialek, politikoek eta langileen elkarteek zapalketa latza pairatu zuten; gero, legez kanpo utzi zituzten.

Beste udalerri batzuetan bezala, Basaurin ere unea iritsi da herriko herritar guztiak edo gerra zela medio bertara heldu zirenak gogoratzeko, urte ilun haietan espetxeratu, zigortu edota erail zituztenak, herritar haiei oinarrizko eskubideak, eskubide zibilak eta giza eskubideak errotik kendu zizkietelako.

2012. urtean, horren harira, “Lau Haizetara”k aurkeztu zuen eta herriko erakunde ezberdinek lagunduta. Udal honek onartutako mozioa.

Data horretatik aurrera, gure udalerriko memoria historikoa berreskuratzeko lanak hasi ziren hainbat ekitaldi eta proiektu garatuz.

 

Ekitaldiak

 

Frankismoaren biktimen omenezko ekitaldia

2012az geroztik, zenbait urtetan, frankismoak herrian hildako herritarrei gorazarre egiteko deialdi hunkigarrian parte hartzeko dei egin zaie basauriarrei. Egun horretan, 1976an hildako Vicente Antón Ferrero izaten da frankismoaren biktima guztien ordezkaria.

Frankismoaren biktimak gogora ekartzeko ekitaldia egiten da Ferrero gure herritarraren omenezko plaka dagoen tokian —bere izena duen kalean, hain zuzen ere—. Bide batez, gorazarre egiten diegu frankismoan zehar beren azalean zein senitartekoenetan faxisten gehiegikeriak jasan zituzten herritar guztiei.

 

Proiektuak

 

Sinbolo frankistak kentzea

Osoko Bilkuran onetsitako mozioan hartutako konpromisoen artean zeuden, besteak beste, oraindik udalerrian zeuden sinbolo frankistak kentzea eta erregimen frankistari lotutako kaleen izenak berrikusi eta aldatzea.

Lehenik eta behin, elementu horiekin katalogo bat egin zen, hau da, udalerrian zeuden horrelako elementuak zerrendatu eta kokatu ziren (San Migueleko Hernán Cortes multzoan, 26 kaletan gaur egungo izenak eta izen zaharrak zeuden, uztarriaren eta gezien sinboloarekin batera. Auzo berean, Sindicato Vertical elkartearen berrogeita hamar sinbolo inguru zeuden, harrian, hainbat ataritan, zenbakien alboan. Horrez gain, Basauri osoan zehar ehunka metalezko plaka zeuden oraindik, Etxebizitza Ministerio zaharraren identifikagarri)

Katalogoa prestatu eta sinbolo horiek kentzeak eragingo lituzkeen kostuak kalkulatu eta gero, udalak lehenbailehen kendu zituen, Madrileko parlamentuak 2007. urtean onartutako sinbolo frankisten legeari eta ondoren Eusko Legebiltzarrak emandako gomendioei jarraiki.

Ikur frankisten katalogoa eta kokapena (pdf)

 

Oroimen historikoa berreskuratzea

Basauriko Oroimena elkartetik urte horietan ehunka basauriarrengan ondorio larriak eragin zituzten gertaerak azaleratu nahi ditugu, herritar haien eskubide zibilak eta giza eskubideak zapaldu baitzituzten.Gaur egun dokumentatuta dauden makina bat kasuri buruz ari gara hizketan: gerrako haur gisa erbesteratutako dozenaka ume, espetxeratutako gazte zein helduak, desjabetze bidez ondasunak galdu zituzten herritarrak, torturatu eta eraildako herritarrak… Gaur egun 400 kasutik gora daude dokumentatuta.

Guztion artean gertaera horiek azaleratu behar ditugu, batzuk nahigabean ahaztu baitira, eta beste zenbait hala behartuta ahaztu baititugu, eta oso kasu gutxitan onartu dira frankismoko biktima gisa.

Ez diegu soilik gerra eta gerraondoko garaiei erreparatu nahi; aitzitik, erregimen frankista bukatu arte gertatutako guztia aztertu nahi dugu.

Herri honetan, tamalez, 1976ko martxoaren 8an gertatutakoa gogoratu behar dugu, egun hartan Guardia Zibilak Basauriko bizilagun

Vicente Antón Ferrero erail baitzuen, Gasteizen martxoaren 3an gertatutakoaren haritik protesta egiten ari zela, orduan Ordena Publikoko Indarrek 5 sindikalista hil baitzituzten.

Memoria historikoa berreskuratzeko ekimen honetan, martxoko egun haietan gure herrian gertatutakoari buruzko kontakizun bat aurkitu dugu.

Gure asmoa dokumentu horren kopia bat Gasteizko Martxoak 3 plataformari bidaltzea da.
Izan ere, Basauriko Oroimenak taldeak eta udalak beharrezko urratsak eman nahi ditugu Frankismoan errepresaliatutako basauriarren testigantzak jasotzeko.

Benetan gertatu zena jakitea udal honen betebehar bat da, baita Basauriko herritar ororen eskubide bat ere. Halaber, Euskal Herriaren eta errepublikaren askatasunen defentsan duintasun eta borroka eredugarriak izan zituzten pertsona anonimoen memoria berreskuratzea guztion betebeharra da.

75 urte baino gehiago joan dira, eta orduan Basaurin bizi ziren gehienak zendu egin dira, baina haien seme-alabak daude, ilobak, bilobak,... Herritar horien lekukotasunak behar ditugu, artxiboetan ia ez baitago errepresioari buruzko dokumentazio idatzirik.

Informazio oro da baliagarri: 1936-1976 urteetako familiaren argazki hura, aititeren txarteleko argazkia, amaren errazionamendu kartila, sindikatuko txartela, erbestetik iritsitako edo preso politikoek igorritako gutuna, kartila militarra, orduko hiri paisaiak, etab. Gurasoek seme-alabei ahoz kontatu dietena ere jaso eta grabatu nahi dugu. Datu horiekin guztiekin istorio pertsonal, familia barruko istorio eta istorio kolektibo horiek berreraiki nahi ditugu, gure herriaren historian jasota uzteko aurrerantzean egingo den argitalpen, erakusketa edo beste euskarri baten bitartez.

Eta 1936 eta 1976 urteko arteko Basauriko historiari buruzko ikerketa horretan jaso ditzakegun ahozko testigantza guztiak biltzen saiatuko gara. Garai haietan bizi zirenen lekukotasuna zein haien ondorengoena, datu garrantzitsuak eman ditzaketelako. Gure herriaren eta, horrenbestez, gure herrialdearen memoria historikoa berreskuratzeko lan guztien oinarrizko zutabeak, hain justu ere, horiexek baitira: pertsona horiek eta haien oroitzapenak.

Frontean fusilatu eta hildakoen zerrenda (pdf)