Amaitu da Bizkotxalde parkeko beheko aldeko obren lehenengo fasea
Esku-hartze osoa amaitzen denean, 20 arbola berri egongo dira landatuta parkean, lehendik zeudenez gain
Bizkotxalde parkeko beheko eremua birmoldatzeko obren lehenengo fasea amaitu dute, erremate batzuen faltan (aste honetan bukatzen ari dira). Hori dela eta, Basauriko Udalak erabaki du oinezkoentzat zabaltzea parke ondotik doan espaloia. Jaietan zehar, aurrera egingo dute oinezkoen pasabideko eta Uribarriko ingurabideko edukiontzietarako lanekin, eta ikastola aurreko espaloikoak sanfaustoen ostean egingo dituzte.
Esku-hartze horrekin, Basauriko Udalak beste urrats bat egin du udalerriaren arnasgune berde handi hura hobetu eta berritzeko eta Bizkotxalde parkeko behealdea herritar guztientzako irisgarriagoa, seguruagoa eta atseginagoa izan dadin. Egiten ari diren jarduketek ia 2 milioi euroko inbertsioa eskatu dute (1.910.989 euro), eta bat datoz 2025ean onartutako Basauriko Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planaren eta Irisgarritasun Planaren helburuekin.
Lanak parkearen behealdea hobetzean ardaztuta daude, eta, horretarako, jarduketak egiten ari dira zenbait esparrutan. Alde batetik, irisgarritasuna eman diete lehendik dauden eskailerei, arrapalei (malda % 6ra baino gutxiagora murriztu dute) eta bideei. Bestalde, birmoldatu egin dituzte orain arte egokitu gabe zeuden baina auzotarrek modu naturalean bide gisa erabiltzen dituzten pasaguneak, eta bidezidor irisgarri gisa integratu dira parkean.
Era berean, erresistentzia handiko hormigoizko baldosak eta asfalto inprimatua jarri dituzte parkearen ondotik doan espaloian —Arizko Ikastolatik Azbarrenerainokoan—, egonlekuetan eta bideetan.Horrez gain, zintarriak berritu dituzte, eta hiri-altzari eta argi berriak jarri.
Beste alde batetik, arbola gehiago jarriko dituzte. Izan ere, behin esku-hartze osoa amaituta, 20 arbola berri egongo dira landatuta, lehendik zeudenez gain. Mahai-tenisak dauden eremuko 3 arbolak parkeko beste leku batean landatu dituzte, herritarrek asko erabiltzen duten kirol-eremu hori berritu ahal izateko. «Topografia-planoaren neurketa zehatzaren faltan, azalera berdea 500 m2 handiagoa da, gutxi gorabehera», adierazi du Zuriñe Goikoetxea Hirigintzako zinegotziak. Arbola berriak landatzeko eta lorezaintzako lanak azarotik aurrera egingo dituzte, hori da-eta halakoak egiteko sasoirik egokiena.
Urriaren 9ra arte (ostirala), azken ukituak egiten egongo dira, eta honako hauek instalatuko dituzte: jartzeko zain dauden 20 eserlekuak (guztira, 65 eserleku berri eta berreskuratutako 10 egongo dira), 9 zakarrontzi, 1 iturri, Pozokoetxeko erretorearen eskultura eta eskaileretako eta arrapala bateko barandak.
Gero, jaien ostean, Arizko Ikastolaren eta etorkizuneko haurreskolaren aurrean dagoen espaloi- eta errepide-eremuan esku hartuko dute, eremu hori seguruagoa izan dadin oinezkoentzat eta eskola-umeentzat. Helburu hori betetzeko, espaloia zabalduko dute (4 metro), eta errepidea estutu, zeinak ibilgailuen abiadura jaisten lagunduko baitu. Espaloia zabaltzeko, eremu hartako aparkaleku batzuk kendu egin beharko dituzte, baina, horien ordez, baterian aparkatzeko beste aparkaleku batzuk egingo dituzte, aurreko espaloian.
