Azaroaren 25eko Adierazpena, emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta
Indarkeria Matxista Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, gogora ekarri nahi dugu indarkeria matxistak beldurrezko eta lotsazko ingurunea sortzen duela, indarkeria jasaten dutenak bakartzeko eta isilarazteko joera duena eta biktimagileen zigorgabetasun-sentsazioa areagotzen duena. Egoera horiek areagotu egiten dira sarerik ez izateagatik eta komunitatean sustraituta ez egoteagatik isolatuago egon daitezkeen emakumeen artean; besteak beste, adineko emakumeak, landa-ingurune sakabanatuetan daudenak, desgaitasuna dutenak, emakume atzerritarrak eta bestelako baldintza bereizleak dituztenak.
KOMUNITATEAk besteekin konektatzen gaitu, eta babes-loturak garatzea eta narratiba komunak sortzea ahalbidetzen du. Horregatik, komunitateak emakumeen aurkako indarkeria matxista prebenitzen lagun dezake berdintasunean oinarritutako harreman-inguruneak sortuz, non diskriminazioaren eta indarkeriaren adierazpenek ez duten tokirik izango. Auzokide, lagun edo kuadrillen arteko harreman estuak goiz ohartaraz dezake indarkeria-egoera gertatzen ari dela.
Komunitate feministak, hurbiltasunetik eta sororitatetik, indarkeria jasaten ari diren emakumeak gorputzez babes ditzake, baita enpatia adierazi eta gertuko bide-lagun izan ere. Halaber, jasandako indarkeria matxistari aurre egiten lagun dezake, egoera horretan dagoen emakumearen erritmoak eta erabakiak errespetatuz.
Tokiko komunitateak biktimen erreparazioa babes dezake. Horretarako, eragindako kaltea aitortu, eta indarkeria matxista salatu dezake, eta biktimari eta haren ingurukoei elkartasuna eta gaitzespena adierazi ahal die, publikoki.
Udalok erantzukizun zuzena dugu komunitateak sustatzeko, auzotarrak, taldeak eta lagunarteak indarkeria matxistaren aurrean erne egon daitezen. Horrez gain, indarkeria matxista pairatzen dutenak hartu, integratu eta babestuko duen bizitza komunitarioa bultzatu behar dugu. Eta, era berean, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimentzako komunitate erreparatzaileak sustatzea dagokigu.
Horregatik, Basauriko Udalak honako jarduera hauek garatzeko konpromisoa hartzen du:
-
Hurbiltasun-sare lokalak indartzea: pertsona guztiak eta, bereziki, emakume eta neskarik zaurgarrienak konektatzeko topaguneak, komunitate-jarduerak eta tokiko elkarteen bizitasuna zainduz.
-
Marienea, Basauriko Emakumeen Etxea, indartzea: emakume anitzen harrerarako, topaketarako eta sareak sortzeko gunea delako eta gizartean eta politikan parte hartzeko espazioa ere badelako.
-
Basaurin bizi diren beste jatorri batzuetako pertsonentzako harrera- eta integrazio-programak garatzea, Kulturarteko Bizikidetza Planaren esparruan, pertsona horiek tokiko komunitatearekin lotzea ahalbidetuko dutenak, arreta berezia jarriz emakumeei eta eskatoei.
-
Hezkuntza-, osasun-, kultura- eta aisialdi-inguruneetan laguntza-sareak sustatzea, zerbitzu publikoak lotuz taldeekin, elkarteekin eta berdintasunaren eta indarkeria matxistaren aurkako borrokaren esparruan elkarri laguntzeko ekimenekin.
-
Sentsibilizazio- eta kontzientziazio-kanpainak garatzea, emakumeen aurkako indarkeria matxista hutsaltzen edo legitimatzen duten diskurtsoak eta jarrerak desaktibatzeko; bereziki, konplizitate matxisten inguruetan.
-
Mugimendu feministarekin batera, indarkeria matxistaren biktima diren eta bizirik atera diren emakumeen memoriala sustatzea, salaketarako eta erreparaziorako erreferentzia izan dadin udalerrian.