Skip to main content

Basauriko Udalak 77 langabetu kontratatuko ditu

Argitalpen data
Amaiera data
Edukiaren kategoriak

Basauriko Udalak 77 langabetu kontratatuko ditu, Lanbidek, Enpleguaren Euskal Estrategia 2030en helburuen testuinguruan, bultzatutako Enplegu Planaren bitartez. Plan hori erakunde biek finantzatuta dago eta, guztira, 1,8 milioi euro inguru (1.772.133 euro) inbertituko dituzte: Eusko Jaurlaritzak, 1.112.929, eta, Basauriko Udalak, 659.204. Bi erakundeok, beraz, lankidetzan ariko dira, berriro. Horrela, bada, Asier Iragorri Basauriko alkateak esan duenez, Udalak Jaurlaritzarekin batera jarduteko apustuari eusten diote, Basauriko langabetuen enplegagarritasuna hobetzen lagunduko duten udal enplegu-planak egiteko. 2019tik hona, eta hurrengo sortako 77ak aintzat hartu gabe, 487 langabetu kontratatu ditu Basauriko Udalak, Planaren baitan.

Udalak bete beharreko lanpostuen ezaugarriak bidaliko ditu Lanbidera, eta, han, bilaketa bat egingo dute, enplegua aurkitzeko izena emandako langabetuen artean. Horrekin batera, Lanbidek eskaintzak argitaratuko ditu bere webgunean, baldintzak betetzen dituzten interesdunek izena emateko aukera izan dezaten. Lanpostu desberdinetarako aukera izateko, oso garrantzitsua da curriculuma eguneratuta edukitzea.

Lanbidek lehen aukeraketaren zerrenda bidaliko dio Udalari, eta, han, hautaketa-prozesua egingo dute: teknikariek eta giza baliabideetako langileek osatutako talde espezifiko batek ebaluatuko ditu hautagaitzak, ordezkari politikoek parte hartu gabe.

Martxan hasiko den lehenengo programa «ALPE» delakoa izango da, langabetu guztiei zuzendua. 3, 5, 6 eta 9 eta 12 hilabeteko kontratuak eskainiko dituzte, lan-jardunaldi desberdinekin, eta honako 37 lanpostu hauek beteko dira: biltegizaina (1); 1. mailako ofizial igeltseroa (5); ofizial gidaria (1); eraikuntzako peoia (7); pintorea (1); Udal Brigadarako elektrikari laguntzailea (2); administrari laguntzailea (7); administraria (2); community manager (1); «Tokiko Osasun Sarea» programaren dinamizatzailea (1); tokiko merkataritzako prospekziogilea (2); mantentze-lanen laguntzailea (1); «Merkataritza euskaraz» programaren dinamizatzailea (1); giza-zientzietako ertain-mailako teknikaria (2), liburutegiko laguntzailea (1), webmastera (1), sistemen teknikaria (1).

Lanpostu horietarako eskaintza gaurtik bertatik egongo da aktibo, Lanbideren webgunean. Beraz, udal arduradunek gomendatzen dute Lanbideko datuak eguneratzea, bai lan-esperientziarenak, bai duela gutxi eskuratutako titulazioarenak. Eguneratzea Lanbideren webgunean bertan egin daiteke, edo presentzialki, hitzordua eskatuta 945 160 600 telefono-zenbakian.

Lehentasunezko arreta behar duten kolektiboentzako lerroari dagokionez, zeina lan-merkatura sartzeko zailtasun bereziak dituztenei zuzenduta baitago, honako hauek bete beharko dira (40, guztira): eserlekuak eta hiri-altzariak margotzeko 8 lanpostu; eskola-orduetatik kanpo patioak dinamizatzeko 12 lanpostu («Patioak Zabalik» programa); agente zibikoen 12 lanpostu, eta kulturarteko horma-irudiak egiteko 8 lanpostu. Programa hori Euskadiko hirugarren sektoreko erakundeek kudeatuko dute, eta 6 hilabeteko kontratuak eskainiko dituzte, % 75eko lan-jardunaldian, lan-prestakuntza- eta -orientabidearekin batera.

Deialdi hori 2027ko hasieran abiatuko da, eta Basauriko Udalak horren berri emango du.

Parteka ezazu:FacebookTwitterLinkedinWhatsappTelegram