"Bosteko 2026" erakusketa ibiltariak Basaurin ekingo dio bideari
Abiatu da «Bosteko» erakusketaren hogeita bederatzigarren edizioa, Arizko Dorretxean, Basaurin, «Plazatik ezin dut itsasoa ikusi» izenburuarekin eta Maider Gonzalo, Zuhar Iruretagoiena eta María Muriedas artisten lanekin. Erakusketa ibiltaria Basaurin egongo da urriaren 30era arte. Amorebieta-Etxano, Basauri, Getxo eta Leioako udalek antolatu dute, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, eta bere helburua da ikus-entzuleei, oro har, arte garaikidea ezagutaraztea, modu irisgarrian, eta euskal artista plastikoen lanaren zabalkundea egitea.
Asier Iragorri Basauriko alkateak, Begoña de Ibarra Bizkaiko Foru Aldundiaren Kulturako zuzendari orokorrak eta erakusketa sustatu duten gainontzeko udalen ordezkariek aurkeztu dute Arantxa Galileak eta Mireya Moralek komisariatutako "Bosteko 2026" edizio berria. Asier Iragorrik nabarmendu duenez, "Basaurin indartsu dabil elkartegintza, zeina udalerriko kulturaren eta artearen motorra baita. Udalak ere rol aktiboa du, eta “Bosteko” bezalako ekimenak sustatzen ditu, herritarrei artea hurbiltzeko eta jarduera artistikoa garatzea bultzatzeko". Begoña de Ibarrak, bestalde, nabarmendu du "zein garrantzitsuak diren horrelako ekimenak, arte garaikidea udalerrietara hurbiltzen dutenak eta lortzen dutenak ikus-entzule berriek Bizkaiko talentuaz gozatzea".
"Bosteko 2026"ren bigarren geralekua Amorebieta-Etxano izango da, azaroaren 3tik 27ra (Zelaieta Zentroa); eta, abenduaren 1etik 20ra, Getxon egongo da (Romo Kultur Etxea). Azkenik, Leioak hartuko du erakusketa, 2027ko urtarrilaren 9tik 31ra (Kultur Leioa). Udalerrietan zeharreko ibilbide horretan, bisita gidatuak egongo dira, gaztelaniaz eta euskaraz. Gainera, Getxon, abenduaren 4an, mahai-ingurua egongo da, komisarioekin eta hiru artistekin. Topagune horretan, proiektuari eta sormen-prozesuei buruz jardungo dute, eta korporalak eta performatiboak lanek nola zeharkatzen dituzten hausnartuko dute.
Bisita gidatuak
- Basauri: 2026ko urriaren 23a
- Amorebieta-Etxano: 2026ko azaroaren 20a
- Getxo: 2026ko abenduaren 11
- Leioa: 2027ko urtarrilaren 15a
*Bisita gidatua, euskaraz (18:00) eta gaztelaniaz (19:00).
Topaketa artistekin
Getxo: 2026ko abenduaren 4a (18:00)
Erakusketa ibiltaria
Erakusketa ibiltari honek Maider Gonzalo, Zuhar Iruretagoiena eta Maria Muriedas euskal artista garaikideen lana biltzen du. Argazkilaritza, bideoa, marrazketa eta eskultura baliatuz, erakusketak gorputza, keinuak eta egiteko moduak kokatzen ditu proposamenaren erdigunean. Lanek ekintzak, mugimenduak eta errepikapenak dituzte abiapuntu, materialekin eta espazioarekin harremanak izateko modu ezberdinak islatuz. Ikuspegi horretatik, proiektuak sorkuntza-prozesuek, hartutako erabakiek eta artisten keinuek artelanetan duten eragina aztertzen duen begirada proposatzen du.
Gauzak ez ditugu beti ikusten, nahiz eta jakin hor daudela; batzuetan beste ikuspegi batetik begiratu behar dugu. «Plazatik ezin dut itsasoa ikusi» horretaz ari da, hain zuzen ere, askotan ikusle gisa ikusten lortzen ez duguna islatzeaz eta prozesuen balioaz hausnartzeaz. Pertsona askok sentitzen dugu balio hori, gure egunerokotasunaren parte diren ekintzek eta lanek behar duten garapenaren bidez, eta nola batzuetan ez den baloratzen edo ez den islatzen bere benetako dimentsioa. Erakusketa espazioetan bizi diren piezek, nolabait, gauzak gertatu eta eraikiarazten dituen une ezinbesteko, eta batzuetan ezkutukoa, omendu nahi dute. Ikusten ez dena baina hor dagoena pentsatzera gonbidatzen gaituzte, arrastoa uzten duten prozesu artistikoak irudikatzera. Izan ere, badakigu plazatik itsasoa ikusi ezin badugu ere, hor dagoela, bizirik eta orroka.
Artistak
Maider Gonzalo Salceda (Erandio, 1994)
Arte Ederretan graduatu zen UPV/EHUn (2016). Ikerketa eta Sorkuntza Masterra (2018) eta Irakaskuntza Masterra (2022) kurtsatu zituen, biak UPV/EHUn. 2018an, Ertibil Bizkaiaren hirugarren saria lortu zuen “Flores Pegatina” lanarekin. Horri esker, egonaldi bat egin zuen Japoniako Kura de Fukuoka estudioan. 2023an, Brillo argitaletxearekin “Esto va de amor, mírame a los ojos chica” izeneko postal-bilduma argitaratu zuen, eta bere lana hainbat espazioetan erakutsi ditu, hala nola Aire Galerian, Rekalde Aretoan edota Bilboko Erreprodukzio Museoan. Gaur egun, bere praktika aurrera eramaten du bigarren hezkuntzako irakaslea den bitartean.
Maiderren marrazkietako begiradek kolorez, ehunduraz eta formaz blaitzen dute espazioa. Maiderren praktikak eskatzen duen trazuak berak marrazten duen eskuaren keinua dakarkigu gogora, bere eskua lanean ikusten egongo bagina bezala, obra miresten dugun bitartean. Marrazki batzuek ere begiratzen digute (literalki), eta begirada pertsonal eta adierazgarri hori espazioan zehar errepikatuz eta biderkatuz doa.
- Zuhar Iruretagoiena Labeaga (Zarautz, 1981)
Arte Ederretan graduatu zen UPV/EHUn eta Pomoeu Fabra Unibertsitatean Arte Digitalen Masterra kurtsatu zuen. 2017an, Doktorego titulua lortu zuen bere tesiarekin: “Tres cuerpos de ensayo: deseo, amor y goce. El cómo sobre el qué”. Bere lana Bilboko Guggenheim Museoan, Rekalde Aretoan, La Casa Encendidan, Gabarron Fundationen edota Balenciaga Museoan izan da ikusgai, besteak beste. Hainbat sari eta beka jaso ditu, hala nola Generación 2008 Caja Madrid, Ertibil Bizkaia 2009 edota 2017ko Bilbao Arteko “Cesión Temporal de Estudio”. Gaur egun, sorkuntza eta irakaskuntza uztartzen du EHUko Eskultura eta Arte eta Teknologia sailean.
Erakusketaren alde eskultorikoaz arduratu da Zuhar. Aluminiozko pieza batzuez osatutako eskultura-multzo bat da. Nahiz eta hortzak eta sareak presentzia ukaezina izan, “puñetak” (ukabil amerikarraren eta orraziaren erdibidean) “babesaren eta koketeriaren artean dabiltzan tramankuluak” agertzen doaz isil-isilik.
María Muriedas Diez (Mungia, 1994)
Arte Ederretan graduatu zen UPV/EHUn (2016). Arte Garaikide, Teknologiko eta Performatiboko Masterra egin zuen UPV/EHUn (2017). Duela gutxi, 2025eko abenduan, Doktorego titulua lortu zuen UPV/EHUn, bere tesiarekin: “Encarnar la imagen: proceso, cuerpo y mirada en una práctica artística de audiovisual contemporáneo”. Bere ibilbide profesionala hainbat sari eta egonaldiekin kontatzen du, besteak beste Ertibil Bizkaia 2018, zeinekin Japoniako “Joukobo Art Space”n egonaldi bat egin zuen, 2018ko Getxoarte Aretoa edo EEBBko “Centro Vasco de Reno”n egonaldi bat. Gaur egun, artea sortzen jarraitzen du UPV/EHUko Eskultura eta Arte eta Teknologia sailean irakaslea den bitartean.
Mariak “Triple X”-rekin aurkezten dituen poseak espazioan hedatzen dira organikoki. Instalazio bat non bideoetan argazki ekintza bat islatzen da, mugimendu sotil eta bareak egiten dituena. Horrek ikuslea gonbidatzen du bere ikuskeran denbora igarotzera, 2015etik 2018ra bitartean erregistro haietan gertatutakoa ulertzeko.
