"Emakumeak fabrikatzen: indarkeria kontsumitzen dugu?" erakusketa
Arizko Dorretxea, abenduaren 3tik 29ra.
Erakusketak kontsumo-ohituren eta indarkeria matxisten arteko harremanari buruz hausnartzera gonbidatzen du
Arizko Dorretxeak (Basauri) «Emakumeak fabrikatzen: indarkeria kontsumitzen dugu?» erakusketa hartuko du, abenduaren 3tik 29ra. Proposamen interaktibo horrek ekoizpen- eta kontsumo-eredu konbentzionaletan dauden indarkeria matxistei buruz hausnartzera gonbidatzen du, baita kontsumitzeko modu bidezkoagoak eta berdintasunean oinarritutakoak sustatzeko aukerei buruz ere.
SETEM Hego Haizea euskal GGKEak eta Altekio kooperatibak elkarlanean sortutako erakusketa «Indarkeria kontsumitzen dugu?» proiektuaren barruan egindako ikerketetan eta «Emakumeak fabrikatzen» dokumentalean oinarritzen da. Euskaraz zein gaztelaniaz egin daitekeen ibilbide batean, bisitariek Emakumeen Fabrika deritzon unibertsoan murgiltzeko aukera izango dute, eta ezagutuko dute eguneroko kontsumo-ohitura jakin batzuek indarkeria matxista mota desberdinak nola erreproduzitu eta normalizatu ditzaketen.
Erakusketa hiru gunetan antolatuta dago. Lehenengoak ohiko kontsumo-ohituretan ezkutuan geratzen diren indarkeria matxistak identifikatzeko aukera ematen du. Bigarrenak, auzoko emakumeen patio bat irudikatzen du, non hainbat emakumek beren bizipenak eta istorioak partekatzen dituzten. Azkenik, hirugarren guneak hausnarketa kolektiborako aukera eskaintzen du, indarkeria matxistarik gabeko kontsumo-moduak irudikatu eta eraikitzeko helburuarekin.
Erakusketa SETEM Hego Haizeak eta Sagarrak Ekologista Taldeak elkarlanean antolatu dute, Kultur Basauriren laguntzarekin eta Basauriko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren finantzaketarekin.
