Jai garbiago eta jasangarriagoak sustatzea
“Jai garbien alde, gozatu aztarnarik utzi gabe!” da Basauriko Udalak sanmigeletarako eta sanfaustoetarako abiarazitako sentsibilizazio-kanpainaren leloa, jai garbiago eta jasangarriagoak sustatzeko helburua duena. Metroan, lotura-autobus zerbitzuan, markesinetan, udal webgunean eta sare sozialetan jarritako kartelen bitartez, ospakizunetan zehar sortutako hondakinak birziklatzea eta behar bezala kudeatzea sustatzeko mezua zabaldu dute.
Era berean, jaiak antolatzen dituztenekin lankidetzan —Herriko Taldeak eta Mikelats—, hondakinak modu antolatuagoan eta gaika batzen laguntzeko materialak eta edukiontziak jarriko dituzte, arreta berezia jarrita herri-bazkari nagusiei. Beraz, sukaldaritza-ekitaldietan zehar, hondakinak gaika biltzeko edukiontziak egongo dira, azalpen-biniloekin identifikatuak, erraz jakin ahal izateko zein den bakoitzera bota beharreko zabor mota. Gainera, dekalogo bat banatuko dute, halako ekitaldietan sortutako hondakinak gaika biltzeko eta egokiro birziklatzeko jarraibide errazekin. Dekalogo hori antolatzaileekin batera egingo dute, aurretiaz.
Lana are gehiago errazteko, sanfaustoetan zehar informazio-karpa bat egongo da kuadrillen bazkarian, indaba-janean eta “Karparmartxo”an zehar, non langile espezializatuak egongo baitira, hondakinak behar bezala kudeatzeko aholkularitza eta laguntza ematen.
Kanpainaren osagarri gisa, banbu-zuntzez eta RPETz egindako 2.500 abaniko banatuko dituzte jaietan zehar (bigarren hori, birziklatutako plastikoarekin egindako materiala da). Ekimenak bilatzen duena da plastikozko hondakinak berrerabiltzea eta herritarrak kontzientziatzea jasangarriagoak eta ingurumenarekin adeitsuagoak diren ohiturak hartzearen garrantziaz.
Bestalde, birziklatutako materialekin egindako musika-tresnen tailerra antolatu dute. Urriaren 16an izango da, 19:00etan, Pedro López plazan, eta, parte hartzeko, aurretiaz eman beharko da izena. Parte-hartzaile bakoitzak bere musika-tresna egin ahalko du, eta, behin jarduera amaituta, aukera izango du gainontzeko kideekin jotzeko. Tailerra amaituta, etxera eraman ahalko dituzte instrumentuak.
