Skip to main content

Memoria historikoa berreskuratzea

Edukiaren kategoriak
recuperacion_de_la_memoria_historica

Basauriko Oroimena elkartetik urte horietan ehunka basauriarrengan ondorio larriak eragin zituzten gertaerak azaleratu nahi ditugu, herritar haien eskubide zibilak eta giza eskubideak zapaldu baitzituzten.Gaur egun dokumentatuta dauden makina bat kasuri buruz ari gara hizketan: gerrako haur gisa erbesteratutako dozenaka ume, espetxeratutako gazte zein helduak, desjabetze bidez ondasunak galdu zituzten herritarrak, torturatu eta eraildako herritarrak… Gaur egun 400 kasutik gora daude dokumentatuta.
Guztion artean gertaera horiek azaleratu behar ditugu, batzuk nahigabean ahaztu baitira, eta beste zenbait hala behartuta ahaztu baititugu, eta oso kasu gutxitan onartu dira frankismoko biktima gisa.

Ez diegu soilik gerra eta gerraondoko garaiei erreparatu nahi; aitzitik, erregimen frankista bukatu arte gertatutako guztia aztertu nahi dugu.

Herri honetan, tamalez, 1976ko martxoaren 8an gertatutakoa gogoratu behar dugu, egun hartan Guardia Zibilak Basauriko bizilagun

Vicente Antón Ferrero erail baitzuen, Gasteizen martxoaren 3an gertatutakoaren haritik protesta egiten ari zela, orduan Ordena Publikoko Indarrek 5 sindikalista hil baitzituzten.
Memoria historikoa berreskuratzeko ekimen honetan, martxoko egun haietan gure herrian gertatutakoari buruzko kontakizun bat aurkitu dugu.

Gure asmoa dokumentu horren kopia bat Gasteizko Martxoak 3 plataformari bidaltzea da.
Izan ere, Basauriko Oroimenak taldeak eta udalak beharrezko urratsak eman nahi ditugu Frankismoan errepresaliatutako basauriarren testigantzak jasotzeko.

Benetan gertatu zena jakitea udal honen betebehar bat da, baita Basauriko herritar ororen eskubide bat ere. Halaber, Euskal Herriaren eta errepublikaren askatasunen defentsan duintasun eta borroka eredugarriak izan zituzten pertsona anonimoen memoria berreskuratzea guztion betebeharra da.

75 urte baino gehiago joan dira, eta orduan Basaurin bizi ziren gehienak zendu egin dira, baina haien seme-alabak daude, ilobak, bilobak,... Herritar horien lekukotasunak behar ditugu, artxiboetan ia ez baitago errepresioari buruzko dokumentazio idatzirik.

Informazio oro da baliagarri: 1936-1976 urteetako familiaren argazki hura, aititeren txarteleko argazkia, amaren errazionamendu kartila, sindikatuko txartela, erbestetik iritsitako edo preso politikoek igorritako gutuna, kartila militarra, orduko hiri paisaiak, etab.

Gurasoek seme-alabei ahoz kontatu dietena ere jaso eta grabatu nahi dugu. Datu horiekin guztiekin istorio pertsonal, familia barruko istorio eta istorio kolektibo horiek berreraiki nahi ditugu, gure herriaren historian jasota uzteko aurrerantzean egingo den argitalpen, erakusketa edo beste euskarri baten bitartez.

Eta 1936 eta 1976 urteko arteko Basauriko historiari buruzko ikerketa horretan jaso ditzakegun ahozko testigantza guztiak biltzen saiatuko gara. Garai haietan bizi zirenen lekukotasuna zein haien ondorengoena, datu garrantzitsuak eman ditzaketelako. Gure herriaren eta, horrenbestez, gure herrialdearen memoria historikoa berreskuratzeko lan guztien oinarrizko zutabeak, hain justu ere, horiexek baitira: pertsona horiek eta haien oroitzapenak.

Horretarako zuen eta basauriar guztien laguntza behar dugu; hartara, udalak dibulgaziorako espazio hau prestatu du, eta zerbitzu elektroniko bat sortu du, agiriak eta testigantza horiek biltzeko.
Zure testigantza helarazi nahi baduzu, egin klik hemen.

Parteka ezazu:FacebookTwitterLinkedinWhatsappTelegram