Arizko Ikastola, Bizkotxalde (Uribarri), K. Goikoa, Etxegarai, S. Taramona eta Basozelai-Gaztelu.
Basauriko Udalak “Patio Zabalik” programari atxikitako ikastetxeen kopurua eta patioak zabalik izateko ordutegia zabaldu ditu, eta asteburu eta oporraldietan dinamizatzaileak arituko dira patio horietan. “Patio Zabalik” programa 2013. urteko martxoan abiarazi zen, Basauriko familiei aisialdirako eta denbora librerako espazio gehiago eskaintzearren.
Orain, beraz, Arizko Ikastola, Bizkotxalde (Uribarriko eraikina), Kareaga Goikoa, Etxegarai, Sofía Taramona eta Basozelai-Gaztelu ikastetxeetako patioak erabil ditzakete basauriarrek, astelehenetik ostiralera, eskola-jarduna bukatzen denetik 20:00era arte, eta asteburu eta oporraldietan 09:30etik 20:00era. Solarte ikastetxeko kanpoko patioa asteburutan ere erabili ahal izango dute herritarrek.
Gainera, asteburu eta oporraldietarako, Basauriko Udalak hainbat langile kontratatu ditu zaintza-lanak, oro har, egin ditzaten Arizko Ikastola, Bizkotxalde, Kareaga Goikoa, Etxegarai, Sofía Taramona eta Basozelai-Gaztelu ikastetxeetako patioetan; era berean, patio horietan haurrak bilduz gero eta taldeko jarduera ludikoren batean parte hartu nahi izanez gero, zaintzaileek dinamizatuko dituzte jolasak. “Patioak libreki erabiltzen jarraitu ahal izango da, baina zaintzaile horiek prestakuntza jaso dute adingabeekin jarduerak egiteko, behar izanez gero”, azaldu du Idoia Ortegok, Basauriko Udaleko Hezkuntzako zinegotziak; esan duenez, “eskola kirolak lehentasuna izaten jarraituko du, eta patioetan jolastu nahi dutenek entrenamenduetan edo partidetan erabiltzen ari ez diren espazioak erabili behar izango dituzte; izan ere, jarduera horiek erabat bateragarriak dira”.