Skip to main content

Marcelino González Velasco (1921-1956). Udal maisua

maestro_marcelino_gonzalez

Marcelino González Velasco Galarden (Burgos) jaio zen, 1885eko ekainaren 16an. Galarde Arlanzónen mendeko herrixka da, Santiagoko Bidearen ondoan, Burgosetik Logroñora doan CN-120an, Montes de Oca eta Demanda mendilerroaren artean. Las Huelgaseko monasterioaren abadia-hiribildua ere izan zen Galarde, sasoi batean.

Haurtzaroa eta gaztaroa Cornudillan (Burgos) eman zituen Marcelinok, eta Jesusen Konpainiak Oñan zuen San Frantzisko Xabier Ikastetxean egin zuen Batxilergoa. Artean titulu ofizialik ez zuela, maisu-lanetan hasi zen 1903an, eta Cornudillan, Castro Urdialesen (Kantabria) eta Calahorran (Errioxa) aritu zen.

Magisteritza bere kabuz ikasi, eta, 1918ko ekainean, 1. eta 2. mailako maisu izateko azterketetara aurkeztu zen Burgoseko Maisu-maistren Eskolan (Valladolideko Unibertsitate-barrutiaren mende zegoen); 1919an, 3. mailako maisu izateko probak egin zituen; eta 1920an, 4. mailakoetara eta errebalidara joan zen. Azkenik, 1920an, Lehen Hezkuntzako maisu titulua lortu zuen Burgoseko Maisu-maistren Eskolan, 1914ko Bergamin Planaren arabera. Titulu ofiziala eskuratu eta gero, Deustuko Erriberako San Antonio Ikastetxean aritu zen.

1921eko urtarrilaren 26an, Arizgoitiko Haur Eskolako udal maisu laguntzaile izendatu zuten, eta 1923an bertako zuzendari bihurtu zen. Garai hartan, apopilo egon zen Arizgoitiko plazako etxe batean. Bada, Rogelia Villafruela Álvarez etxe hartako alaba nagusiarekin ezkondu zen Bilbon, 1921eko uztailaren 18an. 11 seme-alaba izan zituzten: 10ek aurrera egin zuten (Consuelo, Milagros, Mercedes, Josefina, Jesús, Mª Paz, Mª Luz, José Maria, Mª Pilar eta Esther); Mari Carmen alabatxoa hil egin zitzaien, urte bi baino gutxiago zituela.

Alokairuan bizi izan zen familia zabalarekin, Elorriaga Totorika sendiaren bi familiako etxebizitza bateko beheko solairuan (Altube kalea, 4).

1937ko urtarrilaren 14an, beste udal-maisu batzuekin batera, maisu nazionalen kategoriarekin parekatuak izateko eskaera egin zuten, baina ez zuten lortu.

1939an Pozokoetxeko José Luis Costa Eskola Taldeko maisu zuzendari izandatu zuten, eta hantxe egon zen 1944ra arte.

Garai batez eskolako osasun-inspekzioari eta Bilboko Aurrezki Kutxari lagundu zien, haurren Sukarrietako Udalekuetarako egonaldiak izapidetzen.

1944ko abenduaren 1etik aurrera, ordea, nahitaezko lan-utzialdi egoeran jarri zuten, beste udal maisu batzuekin batera; hala xedatzen zuen udal ebazpenari errekurtsoa jarri zioten maisuek, Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, baina Epaitegiak ezetsi egin zuen errekurtsoa, 1948ko martxoaren 30ean.

1945ean hiru hilabete eman zituen Udal Zerbitzu Teknikoen Arloko Arkitektura eta Herrilanen Atalean laguntza ematen, baina, ikusmen arazoak zituenez, utzi egin behar izan zuen lana.

1945eko abuztuaren 1ean solfeo irakasle izendatu zuten Arizgoiti,Cervantes, Lope de Vega eta José Luis Costa ikastetxeetan. Gero, erretiroa hartu arte, kantu irakasle gisa aritu zen udal eskoletan.

1946an Basauri Koral Elkartea sortzeko laguntza eman zion Pedro Bilbaori, eta taldearen lehen zuzendaritza-batzordeko zuzendariordea izan zen. Abesbatzan kantari ere aritu zen, Koral Elkartearen lehen urteetan. Jendeak ondo gogoan ditu Santa Zezilia Egunean bota ohi zituen hitzaldiak. 1949an Madrileko Diputatuen Kongresura joan zen, Basauri Koral Elkartearekin.

1950ean, Bilboko Sección Femenina-k antolatutako gabon-kanten txapelketaren lehen mailako lehen saria lortu zuen, Arizgoitiko, Arizko eta Pozokoetxeko eskoletako neskatoen abesbatzarekin.

1956ko urtarrilaren 26an, 70 urte baino gehiago zituela, erretiroa hartu zuen, udal-maisu lanpostua eskuratu zuenetik 35 urte baino gehiago igaro ostean.

Basaurin hil zen, 1956ko ekainaren 7an.

1960an, haren ikasle ohiek erreseina hunkigarria argitaratu zuten La Voz de Basaurin, Marcelino jaunari eskerrak emateko.

Basauriko Udalean maisu gisa egindako lana aitortzeko, 1934ko urbanizazio proiektuko E kaleari (lehenago Basozelai zeharbidea) Marcelino González maisua izena eman zioten, handik hurbil izan baitzuen bere azken bizilekua. Udalbatzak hala onetsi zuen 1969ko apirilaren 10ean, Jesús Gorostiola Calvo alkate zela.

Parteka ezazu:FacebookTwitterLinkedinWhatsappTelegram