16 aparkaleku berri, emakidan, San Fauston
San Fausto plaza azpiko udal aparkalekuan 16 toki berri esleitzeko lizitazio-prozesuari ekin dio Basauriko Udalak. Eskainiko diren tokietako 3, gainera, mugikortasun urria dutenentzako izango dira.
Plaza eta lurpeko garajea berritzeko obrei esker, aparkaleku gehiago daude orain, eta, ondorioz, Udalak erabaki du basauriarrei aukera ematea toki berri bat emakidan hartzeko, 2042ko ekainera arte. Hala, bada, interesdunek aukera izango dute eskabidea aurkezteko irailaren 7tik urriaren 20ra bitartean, horiek biak barne, www.basauri.eus webgunean.Partzela bakoitzak 8.212,36 euroko prezioa izango du (BEZik gabe), eta zenbateko hori eguneratu egingo da adjudikazioaren datan.
Tokietako bat eskuratu ahal izateko baldintzak dira adin nagusiko pertsona fisikoa izatea, udalerrian erroldatuta egotea eta Udalarekin zorrik ez izatea. Mugikortasun urriko pertsonentzat gordetako 3 tokien kasuan, «desgaitasunak dituztenentzako aparkatzeko txartela» ere aurkeztu beharko dute interesdunek. Lehentasuna izango dute beren ibilgailua izan eta horren zergak Basaurin ordaintzen dituztenek, eta udalerrian aparkatzeko beste partzelarik edo lonja-garajerik jabetzan edo emakidan ez daukatenek. Lehentasun-baldintza horiek betetzen ez dituztenak ez dira aintzat hartuak izango, ez bada eskabideak aurkezteko epea amaituta banatu beharreko tokiak baino eskabide gutxiago daudela.
Onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda Udalaren webgunean eta iragarki-taulan argitaratuko da, eta, behin hori eginda, erreklamazioak aurkezteko 10 eguneko epea egongo da. Erreklamaziorik egonez gero, horiek ebatzi, eta, behin betiko zerrenda argitaratu ostean, zozketa publikoa egingo da, udaletxeko Bilera Aretoan.
Argibide gehiago, hemen:
Basauriko Udala – Ondasun eta Ondare Atala
Telefonoa: 944666320
Helbide elektronikoa: bienes@basauri.eus
