Basauriko Argazkilari Elkartearen talde-erakusketa Arizko Dorretxean
2026ko irailaren 14tik 25era. Irekiera, irailak 14. 12:00.
Basauriko Argazkilari Elkarteak bere 15. urteurrena ospatuko du aurten, eta, horren harira, talde-erakusketa bat prestatu du, ikusgai egongo dena Arizko Dorretxean 2026ko irailaren 14tik 25era.
2011n sortua, elkarteak irudiaren eta argazkigintzaren zaleak biltzen ditu, helburu komun batekin: argazkigintza ikastea, praktikatzea eta gozatzea. Hamabost urte hauetan zehar, argazkigintza sustatzeko hainbat ekimen garatu dituzte, kideen artean ezagutzak eta esperientziak partekatu dituzte eta argazkigintzaren zabalkundea egin dute, arte adierazpide gisa.
Orain, urteurrena dela eta, Basauriko Argazkilari Elkarteak bere kideen lanak biltzen dituen erakusketa prestatu du. Bertan, kolektiboaren barruan dauden begirada, interes eta argazkigintza ulertzeko modu desberdinak ezagutzeko aukera izango da.
Bide batez, Benito Ibañez de Mendoza ekarriko dute gogora, aurten hil baita. Oso lagun maitatua, Elkartearekin lotura estua izan zuen eta urteetan zehar aktiboki parte hartu zuen jardueretan, argazkigintzarekiko zaletasuna, ikasteko interesa eta, batez ere, hurbiltasuna eta laguntasuna ardatz hartuta. Erakusketan, bada, Benitoren argazkien bidez, omenaldi samur eta maitagarria eskaini nahi diote, haren oroimena bizirik mantentzeko harekin ibilbide hori partekatzeko aukera izan zutenen artean..
Erakusketak, era berean, aukera emango du, batetik, elkarteak urte hauetan zehar egindako lana herritarrei hurbiltzeko, eta, bestetik, sortu zenetik Basaurin argazkigintzaren inguruko topagune bat sustatzen lagundu duen tokiko elkarte baten ibilbidea aitortzekoa ere.
Argibide gehiago, hemen:
Basauriko Kultur Etxea – Arizko Dorretxea
• Tel.: 944 666 426
• Helbide elektronikoa: arizdorretxea@basauri.eus
• Webgunea: https://kultur.basauri.eus/eu/
• Sare sozialak:
o Facebook: facebook.com/Kultur-Basauri
o Twitter: @KulturBasauri
o Instagram: @kulturbasauri
