Skip to main content

Eguzki-eklipsea behatzeko babes-neurriak

Argitalpen data
Amaiera data
Edukiaren kategoriak

Eguzki-eklipsea behatzeko babes-neurriak

Eguzki-eklipse batez gozatzea esperientzia aparta da, kosmosean dugun lekua gogorarazten diguna. Hala ere, babes egokirik gabe behatzeak lesio okular larriak eta itzulezinak eragin ditzake. Erretina berehalako minik gabe mindu daiteke, eta ondorioak ordu batzuk geroago ager daitezke, baina beranduegi da horiek lehengoratzeko.
 

Babes egokia erabiltzea ezinbestekoa da

  • Inoiz ez zaio eguzkiari zuzenean begiratu behar babes egokirik gabe, ezta eguzki- partzial edo anular batean ere.

  • Era berean, ez dira seguruak metodo inprobisatuak, hala nola eguzkitako betaurrekoak, erradiografiak, argazki negatiboak edo kristal ketuak.

ISO 12312-2 ziurtagiria duten betaurrekoak

Eklipse bat ikusteko modurik errazena eta seguruena horretarako berariaz diseinatutako betaurrekoak dira, ISO 12312-2 arauaren arabera ziurtatuak.

Betaurreko hauek:

  • Argi ikusgaia nabarmen murrizten dute.

  • Erradiazio ultramorea eta infragorria blokeatzen dute.

  • Behaketa labur eta seguruetarako diseinatuta daude.

Garrantzitsua da arauaren amaierako "-2" ari erreparatzea. Aldiz, ISO 12312-1 araua eguzkitako betaurreko arruntei dagokie, eta ez dute balio eguzkiari begiratzeko.

Betaurreko ziurtatuekin ere, ez da komeni 45 segundo baino gehiago jarraian behatzea, eta, aldiro, atsedenaldi laburrak egitea komeni da.

Osotasun fasea

Soilik osotasun fasean, alegia ilargiak eguzki-diskoa erabat estaltzen duenean, ikus daiteke eklipsea begi hutsez.

Eguzkiaren lehen argia berriz agertu bezain laster, betaurrekoak jantzi behar dira berehala.

Etiketatzea eta materialaren egoera

Betaurrekoek honako hauek izan behar dituzte:

  • Europako benetako CE marka.

  • Erabiltzeko jarraibideak.

  • Iraungitze-data, materiala iraunkorra ez bada.

Erabili aurretik, baieztatu ez dutela urraturik, pitzadurarik edo kalterik.

Zergatik da hain arriskutsua eguzkiari zuzenean begiratzea?

Eguzkiak hainbat uhin-luzeratan igortzen du erradiazioa, eta honako hauek egin ditzake:

  • Erretina erretzea.

  • Ikusmenaren galera partziala eragitea.

  • Kalte itzulezinak sortzea, baita eguzki-diskoaren % 1 ikusgarri badago ere.

Erretinak ez du min-hartzailerik, beraz, kaltea gerta daiteke pertsonak unean bertan ezer nabaritu gabe.

Tresna optikoak erabiltzea

Prismatikoek, teleskopioek edo kamerek argia kontzentratzen dute, eta arriskua areagotzen. Eklipse-betaurrekoak ez dira erabili behar aparatu horietatik begiratzeko.

Teleskopioak edo pertsona adituek instalatutako eguzki-iragazki ziurtatuak dituzten tresnak baino ezin dira erabili.

Zeharkako behaketa-metodoak

Betaurrekoez gain, badaude eguzkiari zuzenean begiratu beharrik ez duten metodo seguruak:

  • Proiekzio estenopeikoa (pinhole): Eguzkiaren irudia proiektatzea kartulina bateko zulo txiki baten bidez.

  • Proiekzioa instrumentu astronomiko prestatuekin.

  • Zuzeneko emankizunak, erakundeek eta komunikabideek eskainitakoak.

 

Honekin batera doan dokumentuan irakur ditzakezu gainerako gomendioak

Parteka ezazu:FacebookTwitterLinkedinWhatsappTelegram