Eizu Euskaraz!
Kanpainak bi helburu dituu: herritarrak udal-administrazioagaz euskaraz jardutera animatzea eta udal-langileek euskara lanean eta zerbitzuan erabil dezaten sustatzea
Basauriko Udalak kontzientziazioko eta sentsibilizazioko kanpaina bat abiarazi du, bi helbururekin: herritarrak udal-administrazioagaz euskaraz jardutera animatzea eta udal-langileek euskara lanean eta zerbitzuan erabil dezaten sustatzea. “Herritarrei ikusarazi gura diegu hizkuntza-eskubideak dituztela eta Udalean euskaraz eman diezaiekegula arreta; izan ere, euskara administrazioaren eremuan ere erabil dadin gura badugu, basauriarren laguntza behar baitugu”, adierazi du Asier Iragorri Basauriko alkateak.
Eizu Euskaraz! da kanpainaren leloa, erraz ulertzeko eta gogoratzeko moduko eslogana, laburra eta zuzena; gainera, komikietako moduko “bunbuiloak” ere agertuko dira, Udaleko langileen eta herritarren arteko nahiz udal-langileen arteko elkarrizketak adierazteko; hori guztia hizkuntza-normalizazioan aurrera egiteko asmoz. Elkarrizketa horiek grafikoki irudikatuko dira kolore biziko biniloetan, lurrean eta kristaletan jartzeko; hainbat spotetan eta kanpainako gainerako elementu eta euskarri grafikoetan ere irudikatuko dira elkarrizketak, halan zelan iragarkietan, karteletan, basauriarren postontzietara iritsiko diren liburuxketan, eranskailuetan, kanpoko publizitate-euskarrietan, sare sozialetan eta abarretan.
Barne-mailan, udal-langileen artean euskararen erabilera sustatzeko ekintzak egingo dira; besteak beste, liburu bat argitaratuko da, Basauriko Udalean hizkuntza ofizialak erabiltzeko osoko bilkuran onartutako irizpideekin, toki-administrazioko langileek gida moduan erabil dezaten. Halaber, lanpostu bakoitzean kanpaina ikusarazteko euskarri bat sortuko dugu: katilu bat, eskumuturreko bat jarlekuzain eta udaltzainentzat, eranskailuak brigadako langileentzat eta abar.
Era berean, langile berriei karpeta bat emango zaie Euskara Atalak egiten duen harrera linguistikoan eta, karpeta barruan, kanpainari buruzko informazio grafikoa, hizkuntza-irizpideak, ongietorri-gutuna… aurkituko dituzte.
Kanpainaren aurkezpenean, María Fernández euskara zinegotziak adierazi duenez, “udal-langileen artean, euskara zerbitzu-hizkuntza da, eta urratsez urrats aurrera goaz lan-hizkuntza ere izan dadin. Badugu egitekorik: herritarrei ematen zaien arreta hobetu eta ohiturak aldatu behar ditugu, baina ildo horretan aurrera egiten jarraitzeko beharrezkoak diren ekimenak ezartzen jarraituko dugu”.