Agustín Ibarrola Goicoechea (1930). Margolaria eta eskultorea

Basaurin jaio zen, 1930eko abuztuaren 18an, langileen familia batean. Bilboko Arte eta Lanbideen Eskolan hasi zen prestakuntza artistikoa jasotzen. 1948an, Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren beka bati esker, Madrilera joan zen, eta Daniel Vázquez Díazekin ikasi zuen. Margolari horren tailerrean eman zituen bere lehen urratsak Kubismoan.
1950eko hamarkadaren hasieran, berriz, Jorge Oteiza ezagutu zuen, eta Konstruktibismoaren berezko espazioaren kontzeptuaganako hurbilketa egin zuen haren eskutik. Gainera, taldekako sormen artistikoaren ikuspegia ere transmititu zion Oteizak (zenbait artistaren eta zenbait artelanen konbinazioa). Jorge Oteizaren eragina erabakigarria izan zen Ibarrolaren lanean.
1956an Parisera joan zen, beste artista espainiar batzuekin: José Duarte, Ángel Duarte, Juan Cuenca eta José Serrano. Elkarrekin «Equipo 57» sortu, eta Manifiesto de Interactividad delakoa argitaratu zuten. Talde horrekin ikertze-lan handia burutu zuen artistak. Formalki, ildo abstraktu-geometrikoari heldu zion; eta teorikoki, berriz, zenbait manifestu eta artikulu idatzi zituen, artearen gorabeherei buruz eta artistak gizartean duen paperari buruz.
José Ortega ezagutu zuen sasoi hartan, eta grabatuaren teknika ikasi zion. Horren bidez, «Estampa Polular» mugimenduko kide egin, eta Bizkaiko «Estampa Popular» delakoa sortu zuen. Bere kezka sozialak adierazteko baliatu zuen mugimendu hura, eta gordinki irudikatu zituen landa/hiri-langileen gaia, batetik, eta errepresio frankista, bestetik.
Alderdi Komunistako kide izaki, 60ko hamarkadan zehar langile-borrokan eta frankismoaren aurkako oposizioan parte hartu zuen modu aktiboan. 1962an eta 1967an atxilotu egin zuten.
80ko hamarkadatik aurrera Kortezubiko bere baserrian sartuta egon zen, eta bere obra ezagunenetako batean hasi zen lanean: Omako Basoa (1986-1991). Etxetik hurbil zeukan pinudian zenbait figura irudikatu zituen artistak, bideetan aurrera egin ahala sortzen doazenak, enborretan egindako esku-hartzeak elkarrekin konbinatuta: perspektibak lortzen dira arbola-ilaretan marraztutako zertzeladekin.
Naturako gune irekietan egindako esku-hartze horren ildoari jarraituta, 1995ean Bosque de olmos edo Bosque Encantado izenekoa landu zuen, Salamancako zubi erromatarraren ondoan. Hildako zenbait zumar zizelkatu eta margotu zituen, Salamancako Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko ikasleekin batera.
Ikertzen jarraitu zuen artistak, eta formatu handiko lanak egin zituen trenbide-trabesak, hormigoia, papera eta burdina baliatuta: Viaje al Infinito, Abando-Indalecio Prieto tren geltokian (Bilbo); 1986 eta 1987 artean Ola a ritmo de txalaparta, Chamartíneko geltokian (Madril); 1996an, berriz, El Bosque de Totems egin zuen —50 trenbide-trabes, hormigoizko blokeetan, Madrileko Príncipe Pío geltokian—.
Jaioterrian, Basaurin, Kantalazarra parkeko eskulturak egin zituen 1990ean, corten altzairuarekin.
Bere azken lanetako bat da Cubos de la Memoria delakoa, Llaneseko arrantza-portuan, non Ibarrolak portuko harri-lubetako hormigoizko blokeak pintatu baitzituen.
Agustin Ibarrolaren zenbait lan erasoak izan dira, arrazoi politikoak direla eta. Berak ere mehatxuak jaso ditu, Ermuko Foruko eta Basta Ya! plataformako kide izateagatik. Hori guztia dela eta, 2005ean Euskal Herria utzi, eta Garoza de Bracamontera (Ávila) joan zen, Alfredo Melgar arte aditu eta lagunak utzitako finkara.
2010ean, Garozako finka horretan Ibarrola Fundazioaren proiektua abiarazteko sosak batzen aritu zen.
Zenbait sari jaso ditu bere ibilbide artistiko eta pertsonalagatik, besteak beste: Madrileko Arte Ederren Zirkuluaren Urrezko Domina (1994); «Mayores en acción» Konfederazioaren Saria (2001); Jovellanos Saria (2001); eta Konstituzio Merituagatiko Domina (2003).