Evaristo de Oñate y Landa (1887-1976). Udal idazkari nagusia

Evaristo de Oñate y Landa Bastidan jaio zen (Araba), 1887ko urriaren 14an. Pedro Oñate Villate eta Mª Antera Landa Amurrio izan ziren haren gurasoak. Umea jaio zitzaienean, Bastidako Udaleko idazkariaren laguntzailea zen aita. Gero, 1890ean, Amurrioko Udaleko idazkari nagusia izan zen; 1890 eta 1906 artean, Orozkoko Udalekoa; 1906 eta 1921 artean, Laudioko Udalekoa; eta 1921 eta 1929 artean, berriz, Basauriko Udaleko kontu-hartzailea izan zen.
Daniel Oñate, Evaristoren anaia, 1892ko abenduaren 11n jaio zen, Orozkon. Industria-ingeniari titulua eskuratuta, 1927an Basauri Zaratamo eta Zolloko iturburuetatik urez hornitzeko proiektuak idatzi zituen. 1948an, Gaztañabaltzako araztegia diseinatu eta eraiki zuen. 1950ean, Basozelaiko ur-biltegia egin zuen (gaur egun Íñigo Cabacas plaza dagoen tokian). Eta 1954an, Arizgoitiko plazako saneamendua burutu zuen. Basauriko udal ingeniaria izan zen 1929 eta 1955 artean.
Beraz, Pedro eta Daniel aita-semeak aldi batez elkarrekin egon ziren lanean Basauriko Udalean, 1927 eta 1929 artean, hain zuzen ere.
1909ko udan, Evaristok 21 urte zituen eta Briñaseko Udaleko idazkaria zen (Errioxa). Baina, orduan, José Goyarrola Perea ezagutu zuen —Basauriko alkatea, 1909 eta 1912 artean—, Briñaseko Balnearioan zegoela, eta hark Basauriko idazkaria izatea proposatu zion. Evaristok gonbita onartu, eta urte berean etorri zen gurera.
1910eko urtarrilaren 12an, Daniel Alonso jarduneko idazkari nagusiak dimititu egin zuen, eta Evaristo de Oñate izendatu zuten haren ordezko (dagoeneko 22 urte zituen). 1910eko urtarrilaren 17an jabetu zen karguaz. Ordea, aste bi beranduago, urtarrilaren 26an, Goyarrola alkateak izendapena eten zuen, Evaristok ez zituelako 23 urte (garai hartan, horixe zen gutxieneko adina, Toki Administrazioko Kidegoan, Basauriko Udalaren kategoriako udal batean, idazkari nagusi kargua bete ahal izateko). José Manuel Meñaca izendatu zuen bitarteko idazkari nagusi.
1910eko otsailaren 9an, Idazkaritzako lehen ofizial izendatu zuten Evaristo.
1912ko urtarrilaren 5ean, Meñaca jaunak uko egin zion bitarteko idazkari nagusi karguari, eta Evaristo aritu zen bitarteko funtzionario gisa, haren eginbeharrak egiten. Urtebete beranduago, kargua jabetzan hartu zuen, ofizialki.
1912ko azaroaren 27ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (267. zk.), idazkari nagusi-kontuzain lanpostua betetzeko lehiaketarako deialdia egin zuen Basauriko Udalak, eta Evaristo deialdira aurkeztu zen urte bereko abenduaren 21ean, honako merezimendu hauek aurkeztuta: Orozkoko Udalean jarduneko idazkari gisa emandako tartea, Laudioko Udal Bake Epaitegian idazkari gisa egindako lana, eta Briñaseko Udalean idazkari bezala egondako aldia.
Horrela, bada, 1913ko urtarrilaren 4an, Basauriko Udaleko idazkari-kontulari izendatu zuten Evaristo de Oñate y Landa. Karguaz jabetu zen 1913ko urtarrilaren 7an, 25 urte zituela.
1924ko apirilaren 30ean, Evaristo Genoveva Bilbao Gandarias Basauriko udal maistrarekin ezkondu zen, Abadiñon. Hiru seme-alaba izan zituzten: Pedro Mª (1927), Mª Luz (1929) eta José Ignacio (1932) Oñate Bilbao.
Evaristok ez zuen unibertsitate-titulurik, baina oso jardun oparoa izan zuen: goi-mailako irizpen juridikoak egiten zituen; 1913an, modu aktiboan hartu zuen parte udaletxea Elexaldetik (Taberna Nagusia) Arizgoitiko eraikin berrira lekualdatzeko prozesuan —1964an bota egin zuten udaletxe zaharra, eta gaur egungoa eraiki—; Udal Artxiboa antolatu zuen; Alonsotegiko saroien espedientea kudeatu zuen; Zaratamo eta Zolloko iturburuetatik Basaurira ura ekartzeko prozesuan jardun zuen; Benta eta Lanbarketaren desanexioan; Kale Nagusiko errepidea eraikitzeko izapideetan; Arizgoitiko plazako San Fausto eliza Autonomia kaleko San Pedrokoarekin ordezteko lanetan; Social Antzokian eta Egoitzan; eta abar. Basauriko Industri Maisutza eta Ofizialetza Eskolan ere parte hartu zuen (bertako idazkaria izan zen), eta Basauriko Maisutza Eskolako Patronatoan, Basauriko San Migeleko Ongintzako Eraikuntza Erakundean, eta haren laguntza behar izan zuten toki guztietan ere bai.
1925eko urtarrilaren 11n, Toki Administrazioko Idazkarien Kidego Nazionalean sartu zen, eta 1935ean toki administrazioko idazkari titulua lortu zuen. Gainera, Bizkaiko Toki Administrazioko Idazkari, Kontu-hartzaile eta Diruzainen Elkargo Ofizialeko kide izan zen, urte luzez.
Ez monarkikoek, ez errepublikanoek, ez frankistek ez zuten Evaristo kargutik kendu: erregimena aldatu arren, administrazioan jarraitu zuen.
1957ko urriaren 14an jubilatu zen, 70 urterekin. Dena dela, jardunean egon zen 1959ko Udal Batzorde Iraunkorrera arte. Lankideei agur esan, eta egin nahi izan zioten omenaldian parte hartzeko gonbitari uko egin zion, xumeki.
49 urte eta uzta oparoa eta gero, Basauriko Udala utzi zuen.
Bilbon hil zen, 1976an, 88 urte zituela.
