Valentín Fernández Martínez, “Pinceles-Ixatxak” (1926-1993). Margolaria
Valentín Fernández «Pinceles» edo «Ixatxak» (1975etik aurrera goitizen horrekin sinatzen zituen bere margolanak), San Fausto auzoan jaio zen, 1926ko azaroaren 13an. San José Ikastetxean ikasi zuen eta, hamahiru urte zituela, Compañía Anónima La Basconian hasi zen lanean.
Basconia Escuela de Aprendiceseko ikaslea izan zen, eta, garai hartan, «Pinceles» edo «Ixatxak» goitizena jarri zioten, beti omen zeramatzalako pintzelak jakako poltsikoan.
La Basconiak beka eman zion, lau urtez Bilboko Arte eta Lanbideen eskolan ikasteko, eskolaren Basurtuko instalazioetan. Hara joaten zen Valentín egunero, lanetik irten eta gero. 1943 eta 1945 artean bikain bat eta ohorezko diploma bi lortu zituen.
1946an (Basconiaren bekaren azken ikasturtea) Miguel de Marañón margolariak La Cruz kaleko bere ganbaran zuen estudiora joaten hasi zen. Urte bereko abuztuan, berriz, Bilboko Arte Ederren II. Erakusketan parte hartu zuen, natura hil batekin.
Gero, hiru urteko zerbitzu militarra egin zuen Burgosen, eta eten egin zen bere arte-formakuntza. Etena luzatu egin zitzaion, 1969ra arte ez baitzion berriro ekin bere artista karrerari (bitartean eutsi egin zion delineatzaile lanpostuari).
Ezkondu eta gero, San Migelen bizi izan zen familiarekin, Hernán Cortés auzuneko Saibi Mendi 4n. San Migel Auzo Elkartean aktiboki jardun zuen, beti musutruk.
1970eko hamarkadaren hasieran tailer-estudioa ireki zuen Santiago 4n, eta jarraitu zuen La Basconian delineatzaile lana egiten. Baserriak, erretratuak, lan-mundua, arrantzaleak, baserritarrak, haurrak eta zaharrak, eta euskal bizimoduaren eguneroko giro eta ohiturak irudikatu zituen. Margotzeko modu intimista zen berea, paleta soilekoa, okre eta lur-kolore sendoekin.
Basauriko hainbat eta hainbat umek jaso zituzten eskolak «Ixatxak»en marrazketa eta pintura estudioan. Gizon xumea, hunkigarria eta sentibera zen, beti laguntzeko prest zegoena.
1971ean koadro handi bat pintatu zuen, Udalaren mandatuz. Ibaigane Kultur Etxearen sarrera-gelaren ekialdeko horman dago jarrita, eta «Ixatxak»en haurtzaroko San Migel eta Artunduaga irudikatzen du: zubia, burdinola… Lan honen zenbait aldaera daude.
1972an bakarkako lehen erakusketa egin zuen, Bilboko Windsor galerian, eta arrakastatsua izan zen.
1972an parte hartu zuen Barakaldon antolatutako «Gran Muestra de Arte Vasco» delakoan.
1975ean, Bilboko Lorca galerian antolatutako bakarkako bere bigarren erakusketan, Luis Castresana idazlea ezagutu zuen, eta lagun handiak egin ziren. Idazleak, gero, «Ixatxak»en 24 margolan jasoko zituen Gernikako beste arbola – El otro árbol de Guernica bere eleberrian (1979).
1978an bakarkako hirugarren erakusketa, Bilboko Eguberri galerian.
1979an Ibaiganeko Kultur Etxean antolatutako erakusketa batean hartu zuen parte, beste zenbait artistarekin batera.
La Basconian erretiroa hartu eta gero, lanean ari direnen figurak zizelkatzen hasi zen, buztinarekin.
1990ko San Faustoetan pregoilari izateko hautatu zuten, bere gizatasunaren eta sormenaren aintzatespen gisa.
1992an bakarkako beste erakusketa bat izan zuen, Bilboko Echeva arte-aretoan, eta hura ere oso arrakastatsua izan zen.
1993ko maiatzaren 7 eta ekainaren 11 bitartean, «Ixatxak»en lanaren omenezko erakusketa antolatu zuten Arizko Dorretxean, eta Ixatxak liburua argitaratu zuten. Handik gutxira hil egin zen margolaria.
Izan ere, 1993an zendu egin zen artista, eta bere lanak sakabanatuta utzi zituen, zenbait norbanako eta erakunderen bildumetan: Deustuko Unibertsitatea, Basauriko Udala, Ibaigane Kultur Etxea, Etxebarriko banden ijezte fabrikan (gaur egun Arcelor-Mittal), eta abar.
Margolariaren goitizena daraman parkea inauguratu zuen Basauriko Udalak San Migelen, 1995eko uztailaren 7an, hari eta haren lanari gorazarre egiteko.