«Compañía Anónima Basconia»ren bulegoak
1943ko ekainean, Estanislao Segurola Solazabal eta Ignacio Mª Smith Ibarra Arkitektoek Compañia Anonima Basconiaren Bulego Nagusien eraikinari zegokion proiektua egin zuten, fabrikaren Ipar ekialdeko hegalean, Basconiako Zubiaren ondoan, zeina oraindik egin gabe zegoen data horretan. Obren baimena 1944ko uztailaren 12an eman zen, eta amaitu berriz, 1946ko ekainaren 28an amaitu zen, eta sarrerako zubia ere, jadanik, eraikita geratu zen. Obraren zuzendaritza aipatu Arkitektoek eraman zuten, eta horien laguntzaile Eugenio Ipiña Azurmendi Aparejadorea izan zen. Eraikina egiteko 2.132.844,53 pezeta jarri ziren.
Bulegoen eraikina Basauriko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean “babes bereziko eraikina” bezala katalogatuta dago, nahiko angeluzuzena den 618,00 m2 -ko solairua du, erdian eraikuntza-bolumen bat du eta horren alde bietan beste bi eraikuntza-bolumen simetriko ditu, eta horren garapena honako hau da, hots, erdi-sotoko solairua, beheko solairua, bi goiko eta teilatupeko solairua, azken hori, bere lau fatxadarekiko atzeraemana dago bere erdiko gorputzean izan ezik. Erdi-sotoko solairuan Artxibategia zegoen. Beheko solairuan, batetik Harrera, eta bestetik kontabilitate, estatistika eta korrespondentzia Bulegoak zeuden. Lehen solairuan, Kontseiluaren Aretoa eta Zuzendaritza administratibo eta teknikoa zeuden. Bigarren solairuan, Ingeniaritzako bulegoak eta delineazioko aretoa zeuden, eta teilatupeko solairuan atezain eta zaindariarentzako hiru etxebizitza zeuden. Eraikinak hormigoi armatuko egitura du, zeramika-blokeekin arindutako norantz bakarreko forjaketekin, erdi-sotoko solairuko fatxadaren horma ere hormigoi armatuzkoa da, eta hori, ikusten den zatian, Colmenar harriz estalia agertzen da, zeina erabiltzen den baita ere, pilastretan, lehen solairuko balkoian, kanpoko leiho eta ate guneetako izkinetan, erlaitzetan eta markoetan. Horma-atalak Bartzelonako bistako adreilu gorriz fabrikatuak dira. Teilatupeko erdiko aldeak bistako adreilu gorrizko fatxadak ditu, baina aldeetako eraikuntza-bolumenek pintatutako zarpiatu talotxatua duen amaiera dute, erdi puntako arkuko leihoekin. Eraikinaren teilatua lau uretara dago, zeramikazko teila kurbatuarekin hormigoi armatuzko forjaketa makurtuaren gainean. Oraingo helbidea honako hau da, Cervantes Etorbidea 1.
1981eko abenduaren 28an bai eraikina eta bai horri erantsitako lursaila Udalak Altos Hornos de Vizcaya SA enpresari erosi zion, leku horretan Arizko Ikastola jartzeko. Eraikina berritu eta egokitzeko obrak, aipatu eskola ekipamendua jartzeko, 1982. urtean egin ziren, Jose Mª Menchaca Araluce Arkitektoaren proiektuaren arabera, eta Jesus Uriarte Letona Arkitektoak zuzenduta, lan horretan Jose Luis San Millan aparejadorearen laguntza izan zuen, eta obren kontratua Construcciones EAL SA enpresari esleitu zitzaion. Eraikinaren Ipar-ekialdeko eta ipar-mendebaldeko fatxadetako bistako adreiluen zauri eta horma-harietatik gertatzen ziren hezetasun sarrerak zirela eta, kapa bakarreko morteroarekin estaltzea erabaki zen, baina modu horretan, horren estetikari kalte egin zitzaion. 1984. urtean, Udalak eskolako patioa estaltzeko obrak egin zituen, Hego-ekialdeko fatxada aurrean dagoen zatian, polikarbonatoko ganga eta egitura metaliko bidez. 1996. urteko irailean Arizko Ikastolak La Basconiako bulegoen eraikina utzi egin zuen, eta gaur eguneko kokagunera aldatu zen, Matxitxako kaleko 13 zenbakia (Pozokoetxe H.I., 1988an eraikia)
Geroago, eskolako patioan eraikitako estalpea eraitsi egin zen, eta hori zegoen lekua ia osorik okupatu egin zen La Basconiako zubitik Cervantes etorbidera dioan bidea eta bi bideak lotzen dituen biribilgunea urbanizatzean, eta horren ondorioz, eraikina zatar xamar geratu zen Hego-ekialdeko fatxadaren aldetik, fatxada nagusiaren aldetik hain zuzen.
Eskola erabileratik desafektatua izan ondoren, zaintzarik eta erabilera zehatzik gabe geratu zelarik, eraikina arpilatu egin zuten 90. hamarkadako azken urteetan, eta garai horretan desagertu egin ziren, eskailera nagusiko letoizko barandak, lehen, bigarren eta teilatupeko solairuetako bainugeletako uren horniketako eta ebakuazioko tutuak, aipatu solairuetako elektrizitate hodiak, erradiadorez funtzionatzen zuen berokuntza-sarea, aluminio eta beirazko zenbait leiho irristailu, Pladurrezko tabike eta sabai aizunak, etab., eta hori horrela, eraikinaren kontserbazio-egoera ez da ona gaur egun.
2000. urtean, aipatu eraikineko erdi-sotoko eta beheko solairuak, prekarioan, TXARRASKA KULTUR ELKARTEA taldeari laga zitzaizkion, eta egoera horrek dirau gaur egunean ere.
2009. urtean Udalak lehiaketa bat konbokatu zuen “La Basconiako museo Eremua” diseinatzeko, izan ere, antzinako Compañia Anonima Basconiaren Bulego Nagusien eraikinean eta horri erantsitako lurretan Euskal Arte Garaikidearen Museoa jartzea pentsatu baitzuen, eta 2010. urteko urtarrilean, Museo berria eraikitzeko obren Proiektua idatzi eta horren Zuzendaritza ONEKA ARQUITECTURA, SLP enpresari esleitu zion. Proiektua 2010. urtean idatzi zen, baina Korporazio aldaketa eta momentuko egoera ekonomiko txarra medio, Udalak atzera egitea erabaki zuen proiektatutako lanak aurrera eramateko ideian, eta 2011ko irailaren 1ean, aipatu obrak Zuzentzeko kontratua bertan behera gelditu zen.